| Uztailak 18 |
| Iñaki Egaña | |
| Martes, 18 de Xullo do 2006 | |
|
[Berria -tik hartua] Egutegietan gorria zen, baina urdinek ospatzen zuten. Urte askotan zehar egun madarikatua, lotsatzeko modukoa, irabazleen ikurra, galtzaileen 1936ko amets baten abiapuntuaren amaiera. Jaio nintzenetik nire inguruan, familian hain zuzen ere, egun itsusia hasiera batean eta nerabezarotik mingarria. Txiste txarrak egiten ziren, oso txarrak, lantokietan egun horretan udako paga ordaintzen zelako eta horren ondorioz, frankismoa ez zen hain krudeltzat hartzen. 1936ko uztailaren 18an errepublikaren desagerpena hasi zen. Matxinatuek ez zituzten otsaileko hauteskundeetako emaitzak onartu eta estatu kolpe bat burutu zuten. Eskuindarrek ez dute, ezta gaur egun ere, formetan sinisten. Ez dute gehienetan kolorinetako azal distiratsuetan sinisten. Eta 1936an pikutara bidali zuten aurreko azken bost urtetan egindakoa: hauteskundeak bai, irabazten badira. Bestela, jai. Eskuindarrek bere alde gordinena erakutsi zuten, izugarrizko kanpaina eginez (ez da gaur egungoaren antzekoa?). Eta Estatu kolpearen porrotaren ondorioz gerra ideologiko batetik gerra etniko batera pasa ziren. Gehiegikeria nire aldetik? Ez dut uste. Benetako espainiarrak Francoren aldekoak ziren, besteak Errusiaren aginduetara borrokatzen zutenak. Areilzak, hitzaldi historiko horretan esan zuen bezala: «Bilboko hiri osoa, hamaika hilabetez menperaturik egon dena denborek ezagutu zuten tiraniarik gorrotagarrienaren menpean, zeren ezjakina zen zer zen beragan nazkagarriena: gorrien ankerkeria kriminala, bere basakeria asiarraren estigmarekin ala euskal nazionalisten hipokresia findua bere sotana eta ur bedeinkatuaren segizio fariseoarekin». Asiarrak Herri Frontekoak eta fariseoak, abertzaleak. Irabazleak eta galtzaileak, espainiarrak eta kanpotarrak. Garbiketa etniko horrek Nafarroan populazioaren %1 eraman zuen. Fusilatuak. Genozidioa ez bada, zer da? Gogoratu behar dugu, une batez, Nafarroan ez zela ezta bataila bat egon, ezta gerra fronte bat ere. Eta eskuindarrek ez zuten kiroltasunez garaipena ospatu baizik eta mendekuaren bidez. Aurreko urteetako eztabaidak (autonomi estatutua, irakaskuntzako erreforma, komunalen jabetza...) odoltsu bukatu zuten. Donostian beste horrenbeste gertatu zen. Bertakoek Bizkaiko bidea hartu zuten eta gelditu zirenen artean fusilatuak populazioaren %1a izan ziren. Gaur egun bezala, hiri turistikoa zen eta «garbiketa» eskatzen zuten Madrilgo turistek. Nazkagarria, baina horrela izan zen. Horregatik fusilatzeak Hernanira eraman zituzten, Donostiaren xarma turistikoa mantentzeko. Gasteizen Herri Fronteak deitutako grebaren amaierak 40 urte geroagoren tankera hartu zuen: tiroka. Baina tiroak alde batetik bakarrik atera ziren. Eta Gasteizko alkatea eta Arabako diputatu nagusia fusilatuak izan ziren, greba konbokatzeagatik. Baita langileak ere. Harrigarria. Bizkaia, errepublikarra izan zen 1937ko uztailaren bukaera arte. Frankismoa ezkutatua egon zen, mozorrotua. Inauterietan bezala. Bosgarren zutabekoak deitzen zioten. Baina hor egon ziren, zain. Ondoren, frankistak sartuz gero, betikoa: sarraskia. Kartzela, erbestea... kanposantua. Uztailak 18 egutegietan gorria zen, baina urdinek ospatzen zuten. |
| < Ant. | Seg. > |
|---|
