| Ganora apur bat, mesedez |
| Jose Mari Pastor | |
| Venres, 04 de Agosto do 2006 | |
|
[Berria -tik hartua] Kubako presidenteak osasun arrazoiak direla-eta «aste batzuetarako» kargua utzi izanak era guztietako galderak eta zurrumurruak eragin ditu uhartean eta atzerrian. Estatuburua hil eta ondoko garaia hausnartzeko gai bihurtu da. Faktore askok eragingo diote horri: alderdiak, armadak, Kubako gizarteak, oposizioak, nazioarteak... Kubako Alderdi Komunistak azkenaldian eginiko aldaketak alderdiaren egiturak sendotzeko urratsak izan dira, Castroren ondorengo garaia gogoan. Armada, bestalde, Raul Castrok zuzentzen du. Castroren anaia, gainera, Kubako politika ekonomikoaren gainbegiralea da, nolabait. Ofizialki ez bada ere, berak ikuskatzen du sektore turistikoaren performance-a. Turismoa Kubaren ekonomiaren lehen zutabea da Berlingo Harresia bota eta gero. Beste aldean, Kubako gizartea dugu. Alderdi Komunistak berak onartu du ilusioa falta dela eta horren ondorioek sistemaren eraginkortasunari eragiten diotela. Hor gazteen faktorea dago. Iraultzaren ondoren jaio ziren, eta sektore batzuetan desideologizazioa agertu da, eta indibidualismoa nagusitu. Oinarrizko beharrak aseta dituzte, askatasuna nahi dute, eta kontsumo gai gehiago. «Menos muela» , hau da, berriketa gutxiago. Hirugarren Munduko osasun eta hezkuntza sistema onenak dituzte, batez besteko 77 urteko bizi-itxaropena dute, baina hori ja ez da nahikoa. Gazteak motibatu ezean, nekez iraungo du sistemak, etorkizuna haien eskuetan baitago. Castrok berak aitortu du arerio arriskutsuena faktore horiek direla, iraultzari hilobia egin diezaioketenak. Miamiko bigarren edo hirugarren belaunaldiko kubatar gehienek «trantsizio baketsua» nahi dute. Baina zer gertatuko da Castro hil eta gero, haien aukera ekonomiko-ideologikoak garatzeko zirrikiturik ez dutela ohartzen badira? Mendebaldeko nazioarteko komunitateak, bestalde, argi dago ez duela laguntzarik eskainiko sakoneko aldaketa bultzatzeko ez bada. Gure demokrazia, alegia. Kubako benetako auzia, ordea, ez da demokrazia. Gatazkaren erroak produkzio tresnen jabetza ereduan daude. Eztabaida luzea izan daiteke: Estatuaren monopolioa izan behar dute produkzio tresna horiek? Estatuak diseinatu behar du politika ekonomikoa azken muturreraino? Noraino sartu behar da Estatuaren kontrola? Hain estua izan behar du kontrol horrek, non herritarrentzat zaila izango den auto baten jabe izatea, non etxebizitza bat ezin izango duten saldu, baizik eta, gehienez, beste batekin trukatu? Interes kolektiboen izenean zer egin, ikasi eta jan agindu beharko du Estatuak? Edo alderantziz: jabego pribatuak agindu behar du ekonomian eta politikan? Londres, Berlin edo New Yorken dauden erakunde ekonomiko eta enpresek finkatu behar dituzte politika ekonomikoak? Design bulegoetako marrazoek baldintzatu behar dituzte milioika herritarren bizimodua bost kontinenteetan? Multinazionalek eraldatu behar dituzte haien bizimodua, ohiturak, ekoizpen tradizioak, etekin handiena ateratze aldera? Ekimen pribatuaren esku utzi behar dira hezkuntza, osasun, pentsio eta etxebizitza arloen kudeaketa, irabazi ekonomikoen xede hutsarekin, herritarren giza eskubideak urratuta? Eredu mistoa garatu beharko litzateke? Norantz? Noraino? Horixe da eztabaida. Ez giza eskubideak. Giza eskubideak? Norenak? Libanoarrenak? Palestinarrenak? Sahararrenak?
JABETZAREN AUZIA. Salbuespenak salbuespen eta ñabardurak ñabardura, Kuban debekatuta dago jabego pribatua. Eta gurean, debekatuta dago jabego pribatua debekatzea. Felipe Perez Roque Kubako Atzerri ministroak, zeina Castro ordezkatzeko zerrendan lehenengoen artean dagoen, argi azaldu zuen auzia ekainean, baina nazioarteko hedabideek ez zioten kasurik egin. Castroren ondoren gauza asko hobetu beharko direla esan zuen. Baina iraultzak bizirik segitzeko, behar-beharrezko baldintza bat aipatu zuen: «Kuban jabeen klase sozial bat ez sortzea». Horixe da gakoa, jabetza pribatuaren eremura ez itzultzea. Kuba prest dago ia dena eztabaidatzeko, betiere funtsezko kontzeptu ideologiko hori zalantzan jarri gabe. Demokraziak ere ia dena eztabaidatzeko prest gaude, betiere jabego pribatuaren kontzeptua zalantzan jarri gabe. Kuba beste era batera jokatzen saiatu da, sistema kapitalistaren beste aldean kokatu da, eta ez diogu barkatzen. Gure sistema zalantzan jartzen duelako. Akats asko izanda ere, beste mundu bat posible dela erakutsi duelako. Geure harrokerian Habanako zenbait herritarrek askatasunean bizi nahi izatea ulertzen dugu. Baina nekez ulertzen dugu Bayamo edo Cienfuegosko zenbait guajiro-k duin eta harro esatea Iraultza sustengatzen dutela. Guajiro horiek janzteko hiru alkandora hits besterik ez duten arren. Kubari kontra egiteko hamaika kontu erabiltzen ditugu. Giza eskubideak, adibidez. Kubak itzalak ditu arlo horretan. Ukaezina da. Hala ere, Kubari hainbeste kritika egiten dizkiotenak Amnesty Internationalen web orrian sartu beharko lirateke eta 2005eko txostena aztertu. Herrialdeen zerrendan Kuba, Frantzia eta Espainia klikatu. Eta emaitzak konparatu, sukar ideologikorik gabe. Harritu egingo lirateke. Teorian herritar guztiak libreak eta berdinak garen demokrazia batean eta diktadura batean zer gerta daitekeen ikusiko lukete. Zer esanik ez, AIk ez du Habanaren dirurik jasotzen. Baina guretzat salagarriagoa da AEBek sostengatu eta ez gutxitan diruz lagundutako oposizioko kide zenbait kartzelatzea, Europako Batasunean bigarren eta hirugarren klaseko herritarrak egotea eta torturatuak izatea baino. Era berean, sar daitezela Castroren kritiko zorrotzenak Transparency International, estatuz estatu ustelkeria neurtzen duen nazioarteko erakunde independentearen webgunean. Kanadaren, AEBen, Txileren eta Uruguairen ondoren, Kuba da Ameriketan ustelkeria indize txikiena duen herrialdea. Argentina, Brasil eta Mexiko bezalako demokraziak sitsak janda daude. Zerrenda Mendebaldeko erakundeek egiten dute, haien artean The Economist aldizkari liberal britainiarra. Eduardo Galeano idazleak behin esan zuen Kubaren kasuan gorrotorik handienak besteko kaltea egin dezakeela kritikarik gabeko sostengu itsuenak. Horixe da Kubaren arazoa: alde batean zein bestean muturreko jarrerak erakartzen dituela. Maroko, Nikaragua edo Indiara goaz oporretan eta jendeak jatekorik ez duela jabetuta ere, ez dugu zalantzan jartzen oinarrizko eskubide hori bermatzen ez dien demokrazia. Kubara goaz eta garraio publikoa gaizki dagoelako, sistema hankaz gora jarri behar dela esaten dugu. Edo alderantziz: AEBetara goaz eta arrazakeria eta zapalkuntza, neoliberalismo basatienaren atzaparrak baino ez ditugu ikusten. Dena txarto. Kubara goaz eta paradisu idilikoan gaude, Nacional edo Habana Libre hoteletatik Karibeko urak ikusten ditugun bitartean. Kubatar gisa uhartean hiru hilabete pasatuko ez genuela jakin arren. Burges txiki iraultzaileak garelako, azken batean. Kuba, gustatu zein ez, Hirugarren Mundua baita oraindik. Baina Hirugarren Munduan Lehen Mundua da. Kuba inperfektua da, baina perfektua da Haiti, Dominikar Errepublika, India eta Kongoren aldean. Kongo, non boz demokratikoak egin zituzten igandean. Kongo, non egunean 1.200 herritar hiltzen diren gosez eta gaixotasun arruntez. William Blum AEBetako Estatu departamentuko funtzionarioa izandakoa eta historialariak Rough State: A guide to the world's only superpower liburuan idatzi duenez, inoiz ezin izango dugu jakin Kubako sistema politikoa nola garatuko zen, hasiera-hasieratik inolako presio barik bere bidea egiteko moduan utzi balute. Aurrean, 40 urtetik gora, inperioaren atzaparrak kolpeka izan ez balitu. Noski, hori ez da aitzakia edozein lukainka irensteko, baina ezta demagogia merkea egiteko ere. Ganora apur bat, mesedez. Errespetua. Eta utz dezagun Kuba bakean.
Inoiz ezin izango dugu jakin Kubako sistema politikoa nola garatuko zen, hasiera-hasieratik inolako presio barik bere bidea egiteko moduan utzi izan balute |
| < Ant. | Seg. > |
|---|
